LIZARRAKO LARRAINDANTZA
Deskribatzeko definizio bat ematerako garaian, esan beharrean gaude "Lizarrako Larraindantza" borobilean dantzatzen den eta suite izaera ematen dioten 7 zatitan banatzen den dantza mistoa dela.
Gaur egun, dantza osatzen duten zatiak ondorengo hauek dira:
- Kalejira (Aurkezpena eta Kalejira)
- Katea (Aurkezpena, Katea eta 3/8)
- Fandangoa (Fandangoa eta Abestia)
- Baltsa
- Jota Zaharra
- Bolerak
- Azkeneko Kalejira edo "Corrida Final"
Sortu ezkeroztik, dantza, bi gaitek eta danbor batek, Lizarran betidanik izan diren musika tresnek, jotzeko prestatua dago.
Ikuspuntu honetatik, badirudi Lizarrako Larraindantzak ez duela ez konplexutasunik ez historiarik. Baina jakina, hori ez da horrela. Orain daukan egitura, 100 urte baino gehiagotan zehar izandako hamaika aldaketen ondorio da. Aldaketa naturalak, beste dantza askok izan dituztenen antzekoak, denbora berriei eta moda desberdinei, dantza talde desberdinetara edota gaita musikarien jotzeko moduari egokitzeko izan dituen aldaketak.

"Larraindantzak" makina bat aldaketa jasan ditu: zati batzuen desagertzea, beste batzuen agerpena, osatzen duten zatiak orden desberdinetan dantzatzea.
Irakurleak dantza honen gorabeherak jakin ditzan, idatzita gelditu den bere historiaren berri emango dugu labur-labur ondorengo lerroetan.
LARRAINDANTZAREN HISTORIA
Dantzari buruzko lehendabiziko agiria 1864. urtekoa da. Lizarrako Udalaren dokumentu bat da, zeinean, "La Voz de Navarra" egunkari nafarrak Ega hiriko "Gaitaren Dantza"-ri buruz idatzitakoa salatzen da. Ez dakigu salaketa zertan gelditu zen, baina agiri horrek dantzaren, eta honek Lizarran zeukan herrikoitasunaren berri ematen digu.
Alfonso XIII.aren bisita
1903. urteko abuztuaren 27a arte, ez dago Lizarrako dantza herrikoi honen berri jakiterik. Egun hartan, Alfontso XIII erregeak hiria bisitatu zuen. Lizarrak harrera honetarako bere kaleak apaindu zituen eta hainbat gauzaren artean, Lizarrako dantzarik zaharrena, "Larraindantza", eskaini zion. Gertakizun hau, hiri guztian banatu zen liburuxka batean biltzen da, dantzaren izaerari, egiturari eta dantzatzeko moduari buruzko idatzi batekin batera. Beraz, Gaitaren Dantza Zaharra, adinik gabekoa, izan ere bere jatorria ez baitago jakiterik, aipatutako liburuxkak dioenaren arabera, bere herrikoitasun eta sustraidurari esker, Lizarra hiriak erregeari opa ziezaiokeen opari egokiena izan zen.
Horretarako, Lizarrako gaitari zen Demetrio Romano, Julian Romanoren semea, Lizarrako mediku zen eta herri ohiturak izugarri maite zituen Modesto Iribas Jaunarekin batera, Lizarrako zenbait gazte bildu zituen hiriko dantza zaharrena erakusteko. Horrela sortu zen Lizarran ezagutzen den lehendabiziko dantza taldea, Nafarroako zaharrenetariko bat ziur aski.
Zein hobea, dantza erakutsi eta taldea gidatzeko, oinordeko zuzena baino, aitzinean Lizarrako larrainetan dantzatzen zen musika herrikoiaren betirako moldaketa idatzia utzi zuenaren semea hain zuzen.
Bere antzinatasuna azpimarratzeko esan beharra dago, XIX. mende bukaeran eta XX.aren hasieran dantzaldietan dantzatzen ziren doinuetatik -polkak, mazurkak, txotis, etab.- batek ere ez duela "Larraindantza" osatzen. Badago jota bati buruzko aipamena, hain dantzatua zenez kendu zutena
Aintzinako Gaitaren Dantzaren egitura 1903. urteko aipatutako dokumentuan ageri da, honakoa izanik:
- Katea
- Jota (oso dantzatua izateagatik kendua, dantza laburtzeko)
- Fandangoa
- Bolerak
- "Corrida"
Gaur egungo "Lizarrako Larraindantzarekin" alderatuta, lehendabiziko suite honek 5 zati zituen. Ez dago baltsari eta hasierako kalejirari buruzko inongo aipamenik. Hala ere, ez da denbora luzea pasako, Demetrio Romanok bikote gisa zuen musikariak, Antselmo Elizaga gaitariak, bildu zituen partituren lehendabiziko egokipena agerrarazteko.
Kasu honetan, Elizaga gaitariak, dantzari diztira handiagoa eman nahian, bere egitura koreografikoa luzatu zuen baltsa bat gehituz,dantzaren erritmo anitzak aberastuz, aurkezpen bat gehitzen dio kateari, jota nola jo behar den argi azaltzen du, eta azkenik, dantzen ordena aldatzen du.
"Larrainen Dantza" honen egitura berri honek, gero eta zerikusi handiagoa dauka gaur egun dantzatzen denarekin.
"Larraindantzaren aldeko taldea" Urte luzeak igaro ziren kultura mugimendurik gabe, urte gogorrak eta latzak arlo guztietan Lizarrako gizartearentzat, 1933. urterarte. Orduan, egoera honetaz larrituta, zenbait Lizarratarrek, Elizaga gaitaria buru, "Larraindantzaren aldeko taldea" osatzea bultzatu zuten.
Ikaragarria da dantza batek halako ahaleginak eta bere errekuperatzerako talde baten sorrera bultzatzea. Talde txiki baina gogotsu honen helburu bakarra dantzari berriz ere bizia ematea zen, izan ere beste edozeinek baino hobe azaltzen baitzuen Lizarra herriaren nortasuna.
Horrela bada, honi esker, Puyko Ama Birjinaren jaiegunean, 1933.eko maiatzaren 25ean, Lizarrako dantza herrikoiena berriro dantzatzea lortu zen. Honen ondoren, "Lizarrako Larraindantza" eta lizarratarren arteko lotura erabat hertsia izanen da. Harrezkero, Lizarrak jasaten dituen gorabehera guztiek Dantzaren etorkizuna baldintzatuko dute: gerrate denborako hutsunea, abertzaletasunaren jazarpen gogorra, erregimenak "Sección Femenina"delakoaren bidez egiten duen dantzaren erabilpena.
1944. urteak ekarri zuen gorabehera guzti hauen eta kultur sustraien galeraren amaiera. Lizarrako Udal Talde Folklorikoaren sorrerarekin, bere sortzailea izan zen Francisco Berueteren hitzetan Nafarroako lehendabiziko talde munizipalarekin, "Lizarrako Larraindantza" mantentzeko eta garatzeko aukerak hazten dira.
Berriz ere Elizaga gaitarien eskutik eta orduan, hiriko Udaletxean idazkari zen Francisco Beruete Jaunaren zuzendaritzapean, gure "Larraindantzak" norabide zuzena hartuko du eta gaurdaino ez zaio hirian dantzatzeari utziko, izan ere, bai dantzariek nola lizarratar guztiek dantzatua izanen baita.
"Lizarrako Larraindantza" beti izan da dantzatua. Asko izan dira aurreko mendea ezkeroztik bere doinua jo duten gaitariak eta hamaika dantzatu duten dantzari lizarratarrak. Dena den, guztiok harro sentiarazten gaituena zera da: bere garapenaren partehartzaile izana, gaurko egunean, lizarratarrok geurea sentitzera eta festetako egun guztietan hiriko plazan dantzatzera bultzatu gaituen garapena.
Gaur, "Lizarrako Larraindantzaren" osasuna ezinhobea da. Zorionez, jatorrian zen moduan berreskuratu dugu musika eta koreografi ondarea, eta Ibai Ega Dantza Taldea, "Larraindantzaren" ohiko interpretazioa ahal bezain leial dantzatzen saiatzen da, hori bai, pasa den mendeko 40. hamarkada ezkeroztik, dantzak hartu zuen itxura kontenporaneoari egokituz.
KOREOGRAFIA
"Lizarrako Larraindantza" euren izaera duten eta oso ezberdinak diren dantzen suitea da. Bere koreografia eta musika aniztasunak ikuskizun paregabea egiten dute Lizarrako dantza hau, ikusmen eta entzumenarentzat oparia.
Dantza, "kalejira" bizi batekin hasten da, dantzariak eszenatokian aurkeztuz. Hasiera hau, denbora batean inprobisatua zen, maiordomoek biltzen baitzituzten dantzariak dantzan has zitezen. Gaur ezinbestekoa da dantzariak eszenatokian ongi kokatzeko. 
"Katea"-rekin jarraitzen da. Dantzaren pasajerik arkaikoena den "ingurutxo" bat. Honetan, dantzari bikoteak, zapiekin lotuak borobilean dantzatzen dute, errito balioa duten zubiak eginez.
Borobilean jarraituz, "Fandangoa"-rekin jarraitzen da, dizdiratsua erritmoan eta dantzatzerakoan. Fandangoaren erritmo bihurriaren ondoren "Abestia"-ren eta "Baltsa"-ren gelditasuna eta lasaitasuna dator. Azken honetan, koplan, dantzariek dantza lotua modu berezian dantzatzen dute.
"Jota Zaharra"k azkenik, suitearen zentzu zirkularra puskatzen du, eta dantzariak bi ilaratan kokatzen dira, aurrez-aurre, gizon emakumeen arteko lehia bailitzan. Dantza hau koreografikoki zaila da dantzariarentzat, erabat azkarra denez mugimenduen koordinazio zehatza behar baita.
"Bolera"rekin, XIX. mendeko musikarekin, bukatzen da dantzarien arteko maitasun jolasa, oso erritmo arinean.
Suitea, beste "Kalejira" batekin bukatzen da, "Azken Kalejira" edo "Corrida Final"arekin, erritmoa eta zalaparta gutxinaka handitzen duen agurra.
Dantza honen iraupena hamalau minutu ingurukoa da. Dantzak, kolore eta erritmo ikuskizun haundi batek behar dituen osagai guztiak biltzen ditu. |