KORRONTXOAREN DANTZA
"Kalejira Lizarratarrak", "Korrontxoaren Dantza" izenaz ezagunagoa dena, pasa den mendeko 50.eko hamarkadan argia ikusi zuten dantzetako bat da. Dantza maisua zen Francisco Beruete jaunak sortu zuen, eta lehendabiziko aldiz Lizarrako Udal Dantza Taldeak dantzatu zuen.
"Korrontxoaren Dantza", beste hainbat dantza bezala, Udal Dantza Taldeari esker Lizarrako folkloreak pasa den mendeko 40. hamarkadatik 60. era bizi izan zuen garai emankorrean sortua da. Zehazki, dantza hau 1.951. urtean dantzatu zen lehenengo aldiz.

Dantzaren sinbologiari buruz hitz egitekotan, aldez aurreko kontu bat nabarmendu beharko genuke. Francisco Beruete jauna, Udal Dantza Taldearen koreografo eta zuzendaria garai hartan, ikuskizun dizdiratsua osatuko zuten bertako dantza bilduma sortzen saiatu zen.
Dantza hau sortzeko, bi menderen buruan dantza maisu lizarratar guztiak gidatu dituen oinarriari jarraituz, gaita musika aukeratu zuen, Julia Romano gaitari lizarratarrak konposatutako gaita musika.
Kasu honetan hiru karrikadantza dira, 6/8ko erritmoan, "Korrontxo"-aren joku koreografikoa ahalbidetzen dutenak. Beruetek hiru karrikadantza hauek, "Korrontxo", "Lizarra" eta "Zaraputz" izendatu zituen, Lizarra udalerriko hiru toki ezagunen izenak. Lehendabiziko karrikadantzak emango dio izena dantza osoari: "Korrontxo".
Karrikadantza bakoitza koreografia desberdina da. Lehenengoak banderaren agurra eta erreberentzia jasotzen du; bigarren eta hirugarren koreografietan taldea banatzen duten irudi koreografiko ezberdinak egiten dira. Lehenengoan gurutze bat osatzen da eta bigarrenean dantzariak bikoteka biltzen dira, gero oso modu bizian ateratzeko. Dena Lizarrako gaitaren musikaren erritmoan. |