'DESMAYO'
Dantza honek amodiozko istorio bat gogoratzen du. Bertan, halako istorio guztietan bezalaxe, lilurapenaren ahalmena, ukatzea, iraunkortasuna, maitemintzea eta amaiera zoriontsua agertzen dira.
"Desmayo"ak gizon eta emakumearen arteko amodio konkista agerrarazten du, gaita musikaren eta dantzarien mugimenduen zehaztasunaren bitartez.
"Korrontxo"an bezela, Francisco Beruete jaunak dantza hiru zati desberdinetan egituratu zuen. 
Oraingoan, amodiozko istorioa izango da dantzarien jokaera zuzenduko duena. Dantzen maisuak honako izen hauek ezarri zizkien hiru zati hauei: "Requiebro", "Desmayo" eta "Alegría". Zati bakoitzaren izenburuak aski ongi azalerazten du argumentuak adierazi nahi duena. "Requiebro"-an argi ikus daiteke mutilak erakartzeko neskatxek darabilten jolasa, eta beranduago, mutilen atentzioa bereganatutakoan, hartzen duten jokaera harroa. Gauzak horrela, mutilak elkartu eta zorabioa itxuratzea erabakitzen dute, neskatxengan izugarrizko eragina izango duena. Amodio istorioak eta dantzak amaiera zoriontsua dute, izan ere neskatxek mutilak dantzara gonbidatzen baitituzte beren zapia eskeiniz. Elkartze honen eraginez pozez zoraturik alde egiten dute.

Amodio jolas hau, Lizarrako antzinako doinu batek laguntzen du: "Desmayo"aren dantzari dagokiona. Francisco Beruete jaunak herri ohituratik jaso zuen musika honek, Lizarrako kaleetan zehar gazteriak jolas moduan itxuratzen zituen zorabioei beste zentzu bat ematera bultzatu zuen. Zorabio hauek, bere irudimenari esker, dantzarien arteko amodio istorioaren amaiera bezala erabiltzea erabaki zuen. Gainontzekoa, garai hartako ohiturari jarraikiz, hiriko gaitari zen Julian Romano jaunaren konposizio bildumatik hartu zuen. Kasu honetan, "Requiebro"a gaitariaren beste karrikadantza zoragarrietako batek musikatuko zuen eta "Alegría"ri, alborada batek emanen zion doinua. Jatorri ezezaguna duen alborada hau, Lizarrako belaunaldi guztietako gaitariek jo izan dute.
"Desmayo"a ikuslearengan jakinmin haundiena sortarazten duen dantza da, bertan ikusten baitugu guztiontzat hain ezaguna eta kuttuna zaigun amodiozko istorioa. Nabarmengarria da dantza honen hiru zatietan zehar koordinazio izugarria behar dela. "Desmayo"a dantza tradizionalen paradisuan dantzarik bitxiena da. |