SARRERA
Musika aldetik, Lizarrako dantzak XIX. eta XX. mendeetako musika sorta da, oraindik ere bizirik dagoena, beren doinuak beti izan baitira dantzatuak izena eman zien lurraldean.
Lizarrako dantzek Lizarra bertakoak diren musikariek konposatu edo moldatutako melodiak biltzen dituzte: Julian Romano Ugarte, Demetrio Romano Senosiain, Lizarrako Aita Hilario Olazaran, Luis Usua .
XX. mendean zehar, bereziki 50. hamarkadan, lurralde honetan sortutako doinuek egin dute posible Ega hiriko dantza taldeek mundura zabaldu dituzten koreografia guztiak sortzea eta oraindik ere sortzen jarraitzea.
Larraindantza, 1.903. urtean dantza talde batek ofizialki aurkeztua, Lizarrako dantza ohituraren hasiera-puntua da. "Bataio ofizial" honetatik aurrera, Lizarrak berak DANTZA bere beharra bilakatzen du. Agintarien ibilbideetan, bai hirian nola kanpoan ere, laguntzeko protokoloa beteko duen beharra, eta noski, promozio beharra, folklore erakusketetan. XX. mendeko 40etako hamarkadan, dantza talde munizipal bat sortu zen hirian, eta geroztik, beti bertan egon dira dantzak lizarratarrontzat. Hiriko dantza talde guztiek izan dituzte beren oinarrizko dantza sorta barruan lurraldeko dantzak. Bai koreografia nola musika aldetik, ikuskizun anitza eta bertuteduna osatzen duen dantza sorta. Dantza guzti hauek Lizarrarekin lotuta daude.
Lizarrako Larraindantza, gaur egungoaren egitura beretsuarekin, dokumentalki ezaguna da XIX. mendeko bigarren erdialdea ezkeroztik. Torralba del Rioko "Baile de la Balsa", XVI. mendean Kodes mendilerropeko guda gertaera eta ondorengo ospakizunetan oinarritutako koreografia. Aguilar de Codeseko "Baile de las Ballestas", aurreko dantzaren argudioaren jarraipena, herri bizilagunak baitira, eta musika, errenazentista, ahoz ahoko ohiturak emana."Desmayo"a, ahoz ahoko ohiturak emandako hiru doinu ezberdinekin sortutako dantza, eta modu dotorean dantzarien arteko amodio jolasa antzezten duena.
"Lizarrako Kalejirak" edo "Korrontxo"a, gainontzeko dantzak bezala hiriko musika zaharrekin egindakoa, kasu honetan Lizarrako gaitari garrantzitsuenak, Julian Romanok, konposatua, hiriko ohituran hain sustraituak zeuden kalejirak berreskuratzen ditu.
Jotak. Musika mota hau Nafarroan berandu sartu bazen ere, XIX. mendearen erdialdera, Lizarrak dantza ugari sortu ditu honetan oinarrituz. Zehazki, "Nafar Jota", "Lizarrako Fandango-Jota", "Iturrieta Jota" eta berriena den "Los Arcos en Fiestas Jota". Denak musika historia eta koreografia ezberdinekin, baina Lizarrarekin erabat lotuak.
Dantza berriena, "Julian Romano Zortzikoa", gaur egundaino Lizarrako dantzen maisuek beti erabili dituzten irizpideei jarraikiz sortu da. Hau da, antzinakoa den musika erabiliz, kasu honetan, Julian Romano gaitari lizarratarrak XIX. mendean konposatutakoa. Ibai Ega Dantza Taldeak musika honekin koreografia aproposa prestatu du Lizarrako dantza sortari batzeko. Ziurtatu dezakegu beraz, gaur egun Lizarrako dantza sorta osatzen duten dantzek, hala sortzerakoan nola dantzatzerakoan, Lizarrako tradizio eta ohiturekin izugarrizko errespetua agertzen dutela.
Jakinarazi beharrean gaude, hiriko dantza taldeek dantzak Lizarratik kanpo erakusteaz gainera, Lizarran bertan, urtean zehar egiten diren hainbat jai ospakizunetan, dantza hauekin gozatzeko aukera ere ematen dutela. Izan ere, Lizarratik kanpo dantzariek ez baitugu hirian egunez egun bizi dugun aberastasun folklorikoaren seinale besterik ematen.
Azkenik esan, gure dantza guztiei Nafarroako gaitak, Lizarrako gaitak (zenbait lekutan dultzaina izenaz ezagutua), ematen diela musika. Lizarrako gaita, gure hiria izan baita bihotzez zaindu eta zaintzen jarraitzen duena, ohiko musika tresna izanik pentsaezinezko mugetaraino eramanez. Lizarrako gaitariak dira eta izan dira gure ohituren zaindari haundiak, eta gure dantza guztiek hori egiaztatzeko balio dute.
Zaintzeko joera honek eta zaharra bizirik mantentzeko lanak, harro sentiarazten ditu Lizarrako dantzariak, bizkarrean, dagoeneko ehun urte dituen gure ohitura munduan zehar zabaltzeko lanetan. |